Gure elkartea aitzindaria izan da ez bakarrik aldarrikapenak aurrera eramaten, baizik eta auzoaren bizitza kulturala ere bizkortzen, azkeneko hau azken urteotan aldatzen hasia bada ere. Urtean diren une kultural inportanteenak (Inauteriak, Alde Zaharraren Eguna, San Fermin Txikito Jaiak) pertsona edota kolektibo ezberdinek bultzatuak izaten ari dira, eta gure elkartearen papera ez da jadanik duela urte batzuetakoa. Honek ez dakar berekin Auzo Elkartearen gainbehera, baizik eta, aitzitik, auzoaren mugimendu sozialaren bizkortzea. Beraz, Auzoenea Elkarte-Zentroaren helburua bete-betean gauzatu da, auzoaren bizitza sozialaren sustatzailea eta koordinatzailea izatea baitzuen xede nagusi, aisialdiaren eta kulturaren bidez.

Astero-astero 40 pertsona baino gehiago ari dira lanean herritarren parte hartzeko prozesu zenbaitetan, Auzo Elkartearen proiektuaren batzorde ezberdinetan. Batzorde horietaz hitz egin nahi dizugu atal honetan. Herritarren sare honetan parte hartu nahi izanez gero batzorderen batean egiten ahal duzu, edo bestela hilero antolatzen diren koordinatze-bilkuretara agertuz (guztiz irekiak dira). Anima zaitez eta parte hartu.