
ALDE ZAHARRA-ko EMAKUME BATZORDEAK IRUÑEKO
UDALARI AURKEZTUTAKO PROPOSAMENA
EMAKUME BATZORDEAREN AURKEZPENA
Alde Zaharra Auzo Elkarteak 450 pertsona
baino gehiago biltzen ditu, euren aukeren arabera modu batez edo
bestez parte hartzen dutenak. Modu hauetako bat batzordeetan lan
egitea da, era horretan bereziki garrantzitsuak iruditzen zaizkigun
gaiak landu ahal izateko.
Izan ere, Emakume Batzordea Auzo Elkartean
egiten diren jardueretan gure genero ikuspegitik jorratzeko sortu
zen eta Aukera-Berdintasuna lortzea daukagu helburu nagusia.
Udal honetatik maila formaleko printzipio batzuk landu dira baina
uste dugu oraindik bide luzea dagoela benetako berdintasuna erdiesteko.
EGUNGO EGOERA
1996ko kale-izendegiaren arabera, 518 kale
ditu Iruñeak eta bakarrik %6,9 dira emakumezkoei zuzendutakoak.
Hauetatik, 28 dira birjinei nahiz santuei eta 5 mundutar emakumeei.
Alde Zaharrean gune bakarra dago emakume izena duena: Jacobaren
Pasabidea.
Data hartatik 2000ko abuzturaino, 42 kale
berri sortu dira gure hirian eta haietatik 25k dute gizon izena
(2 erlijiosoak dira) eta 5k emakume izena: 2 erregina, 2 erlijioso
eta profesional bat.
Bistan da desoreka erabatekoa dela, baita
bakarrik emakumeen bertute erlijiosoak azpimarratzeko joera temosoa
ere.
02-3-7ko udal osoko bilkuran honako puntu
hauek adostu ziren, besteak beste:
1) Abian jartzea udalaren esku diren tresnak
emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna bermatzeko,
eta emakumeendako diskriminatzaile suerta daitekeen edozein neurria
bertan behera uzteko.
5) Zinegotzi Bulegoak proposamenak egiten segituko du emakume
aipagarrien nahiz gehien bat emakumeen antzinako lanbideak izan
daitezen kale berrien izenak, hala nola haietako bat Martxoaren
8a kalea izan dadin.
Akordio hauen ildotik, 02-9-24an 400 sinadura
biltzen zituen proposamen bat aurkeztu genuen osasun-etxeko Plazak
Remigia Echarren (funanbulua) izena eraman zezan, bizitzen egokitu
zitzaion garairako emakume berezi-berezia.
Joan den apirilean talde guztiei proposamen bat aurkeztu genien,
gure hiriko gune ezberdinak emakume izenez izendatzeko erreferentzia
egiten zuena, eta gaur berriz ere Batzorde honi ematen dioguna.
Aurtengo martxoaren 4ko (emakumearen nazioarteko
egunaren datatik hurbilean) osoko bilkurara joateko baimena eskatu
genuen baina ukatu egin ziguten... forma akats batengatik?
Zenbaitetan Alkate Anderearekin elkarrizketa
eskatu dugu gure ustez Aukera-Berdintasunean moteltze bat denaren
inguruan gure kezka agertzeko eta egundaino ezin izan da. Itxura
batean, udalari dagokionez emakumeak bigarren mailako hiritarrak
gara.
BERDINTASUNAREN GARRANTZIA
Zergatik uste dugu gai hain garrantzi handikoa
dela? Bada diskriminazio egoera baten atzean desoreka bat dagoelako
eta nagusiak eta mendekoak daude (edo menderatzaile-menderatua
binomioa) eta uste dugulako hauxe dela hazkuntza salda ezin hobea
genero-indarkeria sortzeko, urtero emakume sail ikaragarria hiltzen
duen terrorismo ota bat.
Azken azaroaren 25eko emakumeen kontrako
indarkeria ezaren nazioarteko egunaren leloak ongi esaten zuen
bezala, diskriminazioak indarkeria sortzen du.
Ezberdintasun egoera honekin bukatzeko ahalegin
franko egin behar dira,. Beharrezkoa da hiriko bizitza sozialean
emakumeek bere tokia izatea, beharrezkoa da egungo emakumeek normaldutako
erreferentzia ereduak izatea, beharrezkoa da hiriak gogora ekartzea
gizarte demokratikoagoaren aldeko oinarriak paratzen bere lanarekin
aitzindariak izan ziren emakumeak. Emakumeek egindako lan handia
ageriratu eta baloratu egin behar da.
Gure proposamena emakume horiendako guztiendako gorazarrea da.
Gure hiriko emakumeek toki bat merezi dute kale-izendegian eta
gure kaleek emakume horienganako erreferentzia izatea merezi dute.
Honelaxe desberdintasuna ezabatzeko gure
pausoa ematen dugu eta gure hiria azken batean leku hobea izatea
lortzen dugu.
GURE PROPOSAMENA
Guk proposatzen dugu hirian sortzen diren
gune berriek emakume izena izatea.
Ez dakigu zuzen arrazoi batengatik ote den
edo irudimena falta den baina gehienetan plazek eta kaleek ondoan
dituzten elementuen izenak dauzkate (Compañía Plaza,
Arga ibaiaren Pasealekua, Baluarte Plaza...) eta guk uste dugu
izen propioa merezi dutela.
Zehazki hauxe iradokitzen dugu:
- Baluarteren aurrean dagoen Plaza Rita Aguinagaren Plaza izendatzea.
- Arga ibaiaren ibilbidea zubien arteko zatietan banatzea, kokapena
errazteko. Andre-garbitzaileena izendatzea haietako bat eta beste
bat Lidia Biurrunen Pasealekua.
- Eta ez dugu ahaztu nahi gure auzoko Osasun-Etxearen aurrean
dagoen Plaza Remigia Echarrenen Plaza izendatzeko gure proposamena.
REMIGIAREN HISTORIA
Remigia Echarren (Mademoiselle Agostini)
Iruñean sortu zen 1853an eta 1921an zendu. Remigia berezia
izan zen bere lanbidearengatik (funanbulua) eta bere nortasun
handiarengatik. Bizitzen egokitzen zaien garaiaren gainetik nabarmentzen
diren emakume horietako bat izan zen Remigia, eta zirko, magia,
fantasia eta farandula munduan bizi izan zen. Urte askoan gure
hiriko bizitza alaitu zuen Zezen Plaza alderik alde zeharkatuz
soka lodi baten gainetik ibilka. Halaber, 10 metroko altueran
zeharkatu zuen Arga ibaia, oinetan saskitxo batzuk zeramatzala
eta segituan begiak estalita itzuli zen beste aldera. 1885 eta
1892 urteak bitarte lan handia egin zuen, azken urte honetan istripu
larria eduki eta hil zen arte. Emakume askok bezala oreka-ariketa
dezente eginez iragan zuen historian barrena.
RITAREN HISTORIA
Rita Aguinaga Galizian sortu zen, 15 urtetik
goiti Iruñean bizi izan bazen ere. Carmen kalean bizi izan
zen familiarekin batera. Musikak liluraturik, gazte-gaztetik nahi
izan zuen kantutik bizi. Iruñeko Orfeoiaren garai hartako
zuzendaria, Remigio Múgica, bere etxetik hurbil bizi zen.
Rita kalean Remigiorekin topo egiten zuen bakoitzean ozenki kantari
hasten zen eta gizonak, hura behin eta berriz ikusita, taldean
sartzea erabaki zuen. Orfeoiaren lehenbiziko emakumea izan zen.
Horretaz aparte, Rita antzezlari bikaina izan zen. Santa Cecilia
Orkestra eta Iruñeko Orfeoiarekin batera Gaiarre antzokian
abestu zuen.
EMAKUME-GARBITZAILEEN HISTORIA
XIX. mendean eta XX.aren hasieran, garbitzaileena
emakumeen lanbiderik ohikoenetakoa izan zen. Emakume-garbitzaileek
zerbitzu osoa eskaintzen zuten, alegia, garbitzea, lehortzea eta
lisatzea. Oso baldintza kaskarretan egiten zuten lan. Sardina
kutxa baten barnean zaku tolestu huts baten gainean belauniko,
soinez soin, gero esekitokietan zintzilikatzen zuten arropa garbitzen
zuten.
chena bat pagatu behar izaten zuten erabiltzen
zuten garbilekuaren zati bakoitzeko. Garrantzi handiko zera zen
hirian. 1886an Jesus Haurraren babes-etxea sortu zen emakume-garbitzaileen
seme-alabak zaintzeko lan egin bitartean. Udalak ere haietaz oroitu
eta 1899ko beroaldi zakarrean eguzkitik babesteko platano lerro
bat landatzeko agindua eman zuen. Ura etxeetara eramatearekin
desagertu zen lan bide hau eta harekin elkartzeko, komunikaziorako,
elkarri laguntzeko eta bestarako gune bat.
LIDIAREN HISTORIA
Hiri honetako biztanle guztiek ezagutzen
dute Arga Ibaiaren Ibilbidea egiteko emakume honek egindako lan
ikaragarria. Honetaz gain ezagutu genuen guztiok gogoratzen dugu
bere xalotasuna eta lan-ahalmena, emakume nahiz politiko gisa
zituen ahalmen guztiak. Honengatik guztiarengatik, guk, berdintasunaren
alde lan egiten dugun emakumeok, hiritar bezala eta egindako pasealekuarengatik
eskerrak eman nahian, uste dugu merezi duela hainbeste maite izan
zuen ibaiaren ertzeko omenaldi xume hau, betiko geldi dadin bai
gure gogoan, bai gure bihotzetan.
Udal honek argitaratua du IPESek egindako liburu bikain bat gai
honetan lanean jarraitzeko, hala nola IPESek egindako proposamen
bat, honekin batera fotokopiatuta aurkezten duguna.
ONDORIOAK
Badakigu eta horretan konfiantza daukagu
Berdintasunaren bidean ari garela udala nahiz herritarrak eta
oraindik ikasteko asko daukagun bide gaitza dela.
Uste dugu ibilbide hau elkarrekin egin behar
dugula eta honengatik eskatzen diogu udalari guri entzuteko; gurekin
egin dezala, eta ez guregatik, eta gure aldetik elkarlanerako
prest gaude proposamen honekin erakusten dugun moduan.
Eskakizun bat hiritar gisa: Osoko bilkuretan
onartzen dituzuenak bete ditzazuela eta ez daitezela geldi hutsaren
hurrengo.
Hortaz, Alkatetzari zera ESKATZEN diogu:
1.- Baluarteren aurrean dagoen Plaza Rita
Aguinagaren Plaza izendatzea.
2.-Arga ibaiaren ibilbidea zubien arteko zatietan banatzea, kokapena
errazteko. Andre-garbitzaileena izendatzea haietako bat eta beste
bat Lidia Biurrunen Pasealekua.
3.- Osasun-Etxearen aurrean dagoen Plaza Remigia Echarrenen (Mademoiselle
Agostini Funambulista), Plaza izendatu.