Aldapako San Fermin

:: Programa

San Fermin Txikito, auzoko festak

Egungo San Fermin festek iturria dute 1324 urtearen inguruan urriaren 10ean ospatzen ziren feria haietan. Urtaro horretan egiten ohi duen eguraldi txarraren ondorioz Carlos II erregeak ekainaren 24ra mugitu zituen eta herriak hala eskatuta 20 egunetara luzatu zituen. Hori izan zen egungo Sanferminen hazia, uztailaren 6tik 14ra ospatzen direnak.

Halere, XX. mendearen hasieratik eta San Fermin jaiekin paraleloki, Aldapako San Fermin festak ospatu ohi dira etenaldi batzuen gorabehera. Haietan Iruñeko patroia hil zen eguna ospatzen da: irailaren 25a. Ez dira besteak bezain ezagunak baina pixkana-pixkana sendotuz joan dira Navarreriako Jai Batzordearen lanari eta gora doan auzoko jendearen parte hartzeari esker.

Peio Irisarri, gure lagun mina eta urte askoaz Auzo Elkartearen idazkaria izandakoak, festa hauetaz aditua, oraindik gogoratzen ditu San Fermín Txikito irailaren 25ean –patroiaren heriotzaren benetako data- ospatzen ziren garai haiek: “duela 50 edo 60 urte inguru, irailaren 25ean San Ferminen martirioaren eguna, gorde beharreko jaia zen. Meza eta prozesioa egoten zen eta jende andana etortzen zen. Izan ere, urte batzuetan entzierroak eta nobilladak baziren... Ez zegoen orain bezainbeste taberna, baina bai bat edo beste zerbait hartu ahal izateko”.

HISTORIA PIXKA BAT
XX. mendearen hasieran Aldapako San Fermín jaiak izaera erlijiosokoak ziren eta gehien bat ospakizun solemneak egiten ziren Aldapako San Fermin basilikan (San Pedro kapera zaharra). “Basilika hartan –esaten digu Peiok- San Ferminen gurasoak, Firmus eta Eugenia, bizi izan omen ziren. Etxearen ondoan kapera bat eraiki omen zuten San Pedroren omenez –auzoa San Pedro deitzen zen-, gaur egun Aldapako san Fermingoa bezala ezagutzen duguna. XVII mendean kapera hondatua zegoen. Bota egin zen, eta berri bat eraiki, 1701eko irailaren 25ean inauguratu zena, eta gaur egun ezagutzen duguna”.

Urteak joan ahala jai izaerako elementu gehiago erantsiz joan ziren: musikariak, antzezlariak eta dantzariak, zezenak eta abar, jaia are ospetsuagoak egin zutenak. Baina 20. hamarkadan jaiak gainbehera hasi eta 24 urtez bertan behera gelditu ziren. 1947an berriz ere berreskuratu eta urte bat geroago, 1948an, Aldapako San Fermin jaietako lehenbiziko prozesioa egin zen. Arrakasta handirik ez, ordea, hurrengo urtean ez baitzen errepikatu. Itxura denez bazterrak nahasi samartuak zeuden garai hartan eta gainera santuaren omenez egiten zen uztailaren 7ko prozesioari ez omen zioten protagonismoa kendu nahi.
1976an Navarreriako Jai-Batzordeak San Fermin Txikito jaia berreskuratu eta santua auzoko kaleetan barna berriro ibili zuena. “Navarreriako Jai-Batzordea izan da San Fermin Txikito definitiboki berreskuratu dituena –gogoratzen du Peiok-. Haiek hasi ziren Aldapako San Fermin prozesioan ateratzen, dena antolatzen, Bihotzeko Aiten plazatik txupinazoa botatzen eta harrezkero, urtetik urtera, auzokoen parte-hartzea eta giroa handitzen joan da”.

AUZOARI BIZIA EMAN
Gaur egun San Fermin Txikito jaiak irailaren 25arekin bat egiten duen asteburuan ospatzen dira edo hau lanegunean tokatzen bada, data horretara gehien hurbiltzen denean. Egun batzuk lehenago Aldezar Elkarteak aukeratzen du, jolasen bidez, alkate/alkatesa txikia eta horixe da ez bakarrik jaietako buru, baizik eta urte osoko ospakizun guztietakoa. Aukeraketaren ondoren, Jai-Batzordeak egiten du alkateak zein bere tenienteek eraman behar dituzten jantziak eta jaietako aurreko egunetan giroa berotuz joaten da.

Txupinazoa da jaiei hasiera ematen diena. “Ohiko ekitaldi batzuk mantentzen dira, hala nola txupinazoa, prozesioa, zezensuzko ttipia, orgen krosa, goitibeherak... Giro bikaina egoten da eta eguraldia lagun Sanferminetan adina jende biltzen da. Kalderete eta paella lehiaketak ere egiten dira, zezensuzkoa, auzoko erraldoi zein kilikiak, herri-kirolak, larunbateko herri-afaria, haurrendako entzierroak...” esaten digu Peiok. Ekitaldi ugari horien artean, Aldapako San Ferminera igandean egiten den prozesioa garrantzitsuenetakoa da eta jende gehien biltzen duenetakoa. Iruñeko Erraldoien eta Kilikien Konpartsak eta Duguna Dantza Taldeak laguntzen dute Segizioa. Peiok aipatzen digun bezala, jaiak auzoari bizia emateko beste modu bat da, jendeari elkar ezagutzeko parada emanez eta antolatzen diren ekitaldietan parte-hartzeko aukera emateko.

Alde Zaharra Auzo Elkarteak Jai Batzordean biltzen diren taldeetako bat gehiago da, bere laguntza emanez, urtez urte, hauek ere, igualik gabeko festak izan daitezen.