
1998an antolatu ziren 55 proposamen 2005erako
jardunaldien ondoren Hirigintza-Batzordeak argitaratu zuen eskutitza
da hau. Bitxia izan liteke ikustea auzokideek, politikoek eta
teknikariek egindako proposamenetatik zenbat diren gauzatuak gaur
egun, urruneko 2005 hura aspaldi iragana.
ALDE ZAHARREKO P.E.P.R.I-ren
OINARRIZKO IKERKETARI EKARPENAK
Oro har, bat egiten dugu 55 proposamen
2005erako dokumentuaren proposamen guztiekin, Alde Zaharreko
arlo guztietako 140 pertsona (teknikariak, auzokideak, dendadunek,
kultura-, hezkuntza- erlijio-elkarteak, eta abar) baino gehiagoren
arteko adostasunaren isla diren neurrian. Uste dugu ezaugarri
honek bereziki baliotsuak egiten dituela, nahiz agian hobetzeko
modukoak izan.
Halere, joan den 1998ko abenduaren 17ko Alde
Zaharreko Mahaiaren bilkuran Auzo Elkartetik ekarpen bat egiteko
eskatu zitzaigunez, eta gainera aipatutako proposamenak PEPRI
delakoaren Oinarrizko Ikerketa baino lehenagokoak izanik, hementxe
aurkezten ditugu gure elkarteak eginiko zenbait proposamen, badirenei
erantsi beharrekoak.
ADOSTASUNAREN BEHARRA
Lehenik eta behin, uste dugu beharrezkoa
dela alderdi politiko guztien arteko Akordio bat, bai egun Udalean
daudenen nola gaur egun ez daudenen artean, epe ertainerako zein
luzerako (legealdi zenbait) ekite konpromiso bat lortzeko, PEPRItik
edota bere ondorengotik hartutako irizpideak gidari izanda. Honek
ahalbidetuko du aipatutako planaren proposamenak arrazoizko epe
batean gauzatzen ahalko direla.
Modu berean, uste dugu PEPRIk auzoko alor
guztien (auzokoak, dendadunak, ostalariak...) arteko ahalik eta
adostasun handiena lortu beharko duela, buru eta hankarik gabeko
plana izanen baita soilik arlo zenbaiten beharrak landuko dituena.
ALDE ZAHARREKO BAZTERRETAN JARDUNBIDEAK
Adostasun orokor bat daukagu, eta halaxe
aurkeztu dugu, Alde Zaharreko bazterretan (harresiak, Descalzos,
Dormitalería, Merced kaleak...) jardunbideak sustatzeko,
hauek baitira behar gehien dituztenak. Uste dugulako kontu okerra
izanen litzatekeela denbora aurrera joan ahala erdialdeko
Alde Zaharra, dendaz betea eta oinezkoendako bat egotea
eta beste bat bazterreko Alde Zaharra, dendarik eta zerbitzurik
gabea eta ibilgailuendako irekia. Esan behar dugu hasieran
mahai gaineratutako zenbait asmoak neurriz kanpokoak eta funsgabeak
iruditzen zaizkigula, hala nola Descalzos karrikako zenbaki bikoitiak
eraistea, konpondu baino arazoak areagotu eginen lituzkeelako.
Eta kontraesankorra iruditzen zaigu bazterreko zonaldeei lehentasuna
ematea berrurbanizatze plan zehatzarekin, honetan alde hori azkeneko
tokian agertzen baita.
HEZKUNTZA ALORRA
Biztanle berriak erakarriz (bikote gazteak,
batez ere) hobetu nahi duen auzo batean, ezinbestekoa iruditzen
zaigu haurrendako eta gazteendako oinarrizko hezkuntza zerbitzuak
egotea. Eta hau esan ahal izateko San Frantzisko Eskolaren adibidean
oinarritzen gara, D ereduaren jartzearekin erabat berpiztu baitira
eskola hauek azken urteetako egoeraren ondoren, zentro marjinal
batean bihurtua zuena. Errealitate honek ez ditu bakarrik eskolak
berpiztu, baizik eta ondoko toki askotxo ere.
Horregatik, behar-beharrezkoa iruditzen zaigu
Alde zaharrean lehen hezkuntzako zentro publiko bat egotea, hala
nola haurrendako hezkuntza (haurtzaindegi publikoa), eta DBH nahiz
batxilergokoa. Eta halaber uste dugu ahalik eta epe motzenean
zehaztu beharko litzatekeela non kokatuko diren aipatutako zentroak.
ZABORRONTZIAK
Ados gaude hiriko zein probintziako azpiegiturak
baino Alde Zaharrekoak lehenetsi beha direla oinarrizko ikerketak
esaten duenean, eta horregatik oso ongi iruditzen zaigu PEPRIK
Kondestablearen Jauregiari ematen dion erabilera, 55 proposamen
delakoetan jada jasoa genuena. Aldiz, ez dut uste Liburutegi Nagusia
kokatzeko Santo Domingoko baratzeak direnik toki egokia, interesgarriagoa
jotzen dugulako lur-soro hori libre uztea, eraikuntzarik gabe
edo lurrazpiko eraikuntzaren bat eginda.
Euskal Jai Frontoia zegoen eraikuntzari dagokionez,
pentsatzen dugu hoberena litzatekeela azken urteotan praktikan
duen erabilera sendotzea, legearen barnean onartuta, eta ahal
neurrian gazteen bilgune eta kiroldegi bezala hobetuta, ezin baitugu
ahaztu Alde zaharrean gazte asko biltzen direla eta auzoan alternatiba
handirik ez dagoela, tabernak alde batera utzita.
TRAFIKOA ETA APARKALEKUAK
Ez dugu uste egokia dela lurrazpiko aparkalekuak
egiten ahal diren edozein tokian egiteko baieztapenarekin. Gure
iritziz, konponbidea ez da ahalik eta aparkaleku gehien egitea,
honek ahalbidetzen duena auto pribatuen gehiegizko erabilera baita,
urte eta leku askotan ikusi izan den bezala. Aitzitik, uste dugu
ahaleginek hartutako azken neurrien ildotik jarraitu behar dutela
(Z.E.L eta Z.E.R. eremuak), horrela autoen arrazoizko erabilera
bideratzen baitute. Beraz, garraio publikoa indartzearen aldeko
gara, eta bestelako garraio ez kutsakorren aldeko ere bai, auto
pribatuaren gainetik. Hauek ez dira desagertuko, baina beharrak
neurtu daitezke eta konponbide haztatuak eman. Horregatik uste
dugu lurrazpiko aparkalekuak Alde Zaharreko mugetatik kanpo baina
hurbil egitearekin aski litzatekeela. Ez dugu onesten Alde zaharraren
barnean lurrazpiko aparkalekuak egitea, ezta bertakoendako ere,
eta horretarako 1996ko otsailean egindako inkesta batean oinarritzen
gara, honekin batera doakizuena. Orduan %56,4k erantzun zuen aparkalekuak
Alde Zaharretik kanpo nahiago zituela eta %30k haren barnean nahi
zituela. Gure jarrera ez da, beraz, teoria baten fruitu baizik
eta uste dugula bertakoendako iritzia islatzen duela, inkesta
hartan 904 auzokidek erantzun baitzuten.
Modu esperimentalean bada ere, oinezkoendako
zenbait ibilbide proposatzen ditugu, bertako azpiegituren (eskola
publikoak eta Osasun Etxea) arteko komunikazioa errazteko. Hau
lortzeko dagoen peatonalizazioari oinezkoendako pasabide zenbait
erantsi beharko litzaizkioke, espaloien mailan eta San Frantzisko
Plazan, San Miguel, Eslava, Compañía kaleetan...
Honek ahalbidetuko luke zera oso garrantzitsu bat, haurrak eta
xaharrak haiek bakarrik eskolara edota Osasun-Etxera joateko aukera,
arriskuak franko gutxiagotuta eta, gainera, trafikoarentzako inolako
trabarik gabe, abiadura jaistearekin soilik posible izanen bailitzateke.
Antzekoa izan zen Kontseiluaren Plazaren esperientzia eta positiboa
izan zenez hark erakutsi zigun urrats ona izan daitekeela Alde
Zaharra hobetzeko, bere biztanle guztiengan pentsatuz eta ez bakarrik
gizon lanbidedun eta autodunengan, gehienetan hauek baitira hirietako
diseinuaren helburua.
Iruñea, mila bederatziehun eta
laurogeita hemeretziko urtarrilaren hamabian,
PEPRI ALDE ZAHARRA
1999ko ekaina