
Mari
Trapuren Kanta
Txikientzako ideiak
2010ko INAUTERI GARAIA
2010ko otsailak 6-Kauteroak /2010ko Otsailak 12-15 Inauteriak
Inauteria lurra neguko loalditik atera
eta udaberrira iratzartzen den unean ospatzen den festa da. Nekazaritza-zikloaren
hasiera da, eta bere fruituek hurrengo neguan bizirautea ahalbidetuko
dute. Horregatik izan ohi du hainbesteko garrantzia gurean, lurrarekin,
animaliekin, uztarako zantzu onekin, eragin gaiztoak uxatzeko
erritoekin lotutako sinboloz betea...
Antzinako mundu hartako aztarna ugari
gelditu dira eta gure gizartearen adierazpen kultural zaharrenetakoak
eta jatorrenetakoak bilakatu dira. Herri eremuko adierazpenak
gehien bat, haiek izan baitira hobekien eutsi diotenak, baina
hirietara ere zabaldu egin dena. Iruñean, Francoren erregimenak
inauteriak debekatu eta gero, ospatzeko ohitura galdu zen. Gainera
gau-zaharrean mozorrotzeko ohitura sortu zen, anitzendako gure
hiriko benetako inauteria dena. Bi kontu horiek zerikusi handia
izan dute Iruñeko inauteriaren fisionomia berrian.
Jaia berreskuratzeko urtetako ahaleginaren
ondoren, Iruñeko auzoetako jendeak ikusi zuen ez zela hiri
osoan errotzen, baina bai auzo bakoitzeko elkarte-mugimenduan
eta haurren mailan. Eta hauxe da XXI. mendeko Iruñeko inauteriaren
ezaugarri nagusia, auzoz auzo antolatutako eta disfrutatutako
jaia dela. Bakoitzak aukeratzen ditu data eta modua. Honela, beharbada
jende anitz ez da inauteriaz ohartu ere egiten, baina asteburu
batean edo bestean inauteria ospatzen duten guzti-guztiak leku
jakin batean elkartuko bagenitu, mozorro dezente ikusiko genituelakoan
gaude...
Elkarterako, azkeneko urteotako erronka
nagusia izan da inauteriaren esentzia hain heterogeneo den gure
hiri-girira moldatzea, eta orobat gure komunitatean jaia errotzea,
tradizio bat bihurtzeraino. Hau da, data hurbildu ahala jendea
zain egon eta pixkana prestatzea, haren inguruko oroitzapenak
sortzea, euren bizitzaren zati sentitzea. Eta, emeki-emeki, horretara
goaz.
Antolakuntzan talde desberdinak aritzen
dira eta jende asko mugiarazten dute, festaren oihartzuna zabaltzen
laguntzen duena. Azpimarratzekoa da dantza eta antzerki-taldeen
lana, jaia animatu eta haurrak protagonista bihurtzen dituztenak,
honen guztiaren etorkizuna direnak.
Gure inauteriaren erreferentzia gisa istorio mitiko bat daukagu:
Mari Trapuren kondaira. Benetako gertaeretan oinarrituta, 1214an
frankoek hondatu baitzuten Navarreriako Burgoa, ongiaren eta gaizkiaren
arteko lehia adierazten du, gaur egun ere, oraingotasun handiko
kontua.
Mari Trapu, "gaiztoa", jai
guztian zehar zintzilik dago Navarreriako iturri mitikotik, udaberrian
sartu baino lehen auzoko zantzu gaiztoak uxatzeko errea izatearen
zain. Auzoko emakume batengan Mari Trapu pertsonalizatua izateak
komunitate honetako bizitza anitza, xaloa adierazi nahi du ...baita
konstantzia ere. Urtez urte auzoko jendearen artean jaia ospatu
ondoren, badira hor nonbait gaztetxo batzuk Mari Trapu betitik
ezagutzen dutenak, eta uste dugu horixe dela gure inauterietako
tradizioaren oinarri nagusia. Hala bada, Elkartetik, mundu guztia
animatu nahi dugu, bai auzo honetakoa izan, bai besteren batekoa,
egunerokotasuneko muga hautsi eta transgresioaren ustekabeko eremuan
sartzera.