mari-trapu txikiaren kondaira

:: Programa
:: Mari Trapuren kondaira :: Argazkiak


1214an, Antso Jakintsua errege zeneko garaian, Iruñeko egoera ez zen batere lasaia. Erregeak begi onez ikusten zuen San Cernin auzoa, okzitaniera hitz egiten zuten frankoak bizi zirena. Antso Jakintsuak Navarreria eta San Nicolaseko biztanleei harresi bat eraikitzea galarazi zien. Navarreriako burua Johannes zen, asko bidaiatutako arotz buruargia. Sei lankide berezi ere bazituen honek, iratxoak zirela esaten baitzuen. Gezurra zenik ez nuke esanen nik.
Aire gaiztoko egun batean, frankoek eraso egin zioten Navarreriari, su eman eta arras hondatua utzi zuten.

Hondakinen artean, neskatiko bat zebilen, Aratz izenekoa eta Johannesen alaba. Aitaren bila ari zen baina ezin aurkitu. Aratzen masailetan beheiti negar-malkoak isurtzen ziren, harik eta haietako batek lurrera erori eta arotzak oparitutako zurezko eraztun batekin topo egin zuen arte.

ta horra hor non sei iratxoak Aratzen begi zabalen aitzinean ageri direla...
- Aizue, lagunok, aitaren berri badakizue?
- Ez, Aratz maitea. Guk zernahi lan egiteko gauza gara, ongi dakizu. Baina harresi hauetatik kanpo gertatzen denaz deus ere ez dakigu. Azti handi bat dago, Ezkaba mendiko Aztia, gertatutakoaren berri emanen dizuna. Nahi baduzu, harengana eramanen zaitugu.

Esan eta izan, iratxoek hegaka eraman zuten Aratz, begi berdeak zituen Azti beltzaranen aurrean pausatu ziren arte. Pertsonai misteriotsu hura ikaragarri gaiztoa omen zen andere batez mintzatu zitzaion, frankoekin batera Johannes hil egin zuena. Baina Aztiak ez zion hori bakarrik esan, ahots sendo bezain suabe batez, bere herria askatzeko modua xuxurlatu zion.

Triste eta alai aldi berean, Aratz eta iratxoan Iruñera itzuli ziren burutzeko plan bat zekartela. Handik gutxira TRAPU ZAHARREN FESTA ospatu behar zen, janariaz eta musikaz ausarki hornitua, eta han Aratz MARI TRAPU bilakatuko zen, ospakizunaren buru. Jenderik gabeko festa izanen zen, pertsona itxurako trapuez beterik eta hautatutako tokia Navarreriaren eta San Cerningo dorrearen arteko landa zen. Gau hartan, holaxe mintzatu zitzaion aratz bere jendeari:
-Ez beldurrik izan! Gaurtik aitzinera MARI TRAPU deituko nauzue, nahiz zuendako beti Johannesen alaba txikia izan. Oraino ez gara garaituak izan, gure tresneria har dezagun eta auzoa berreraiki.

Eta gero plana azaldu zien...

Hondatu berria zen auzoko jendea kantari eta alai giroan ikusita, zur eta lur, frankoak euren dorretik atera, eta ... trapu zaharrak besterik ez zituzten aurkitu. Eta holaxe aratz eta haren herria lasai ederrean dorrearen jabe egin eta su eman zioten. Frankoek, dorrerik gabe eta beren andere gaiztoa galduta, deabruak airean egin zuten hanka, mamuz beteriko festa handik urrundu nahian.

Eta horregatik, adi-adi eta jakin-minez zaudeten lagunok, gaizkia sinbolizatzen duen MARIA TRAPO erretzen dugu, eta horrexegatik ere, MARI-TRAPU hagitz kontent egoten da gehien maite duen festan: inauteria.

Mari Trapuren Kanta