
2003ko urtarrilean, hain taberna berezia zen
La Bodeguicak, bere ateak berrireki zituen, Aldapa karrikako 4ean.
La Bodeguica Alde Zaharra Auzo Elkarteak alokatutako
taberna bat da, profesional talde batek kudeatuta eta bilgune berezia
izateko asmoa duena, lasai ederrean solasean aritzekoa, lagunekin
topagune izatekoa, batzar baten ondotik ardo bat edo kazuelika bat
hartzekoa... Leku estrategikoan kokatua dago, hain zuzen ere Auzoenea
Elkarte-Zentroaren, hau da, Auzo Elkartearen egoitzaren pare-parean.
Aurreko talde kudeatzailearen lan ikaragarriaren
ondoren gauzatu ahal izan da ideia hau, eta egungo taldearen lanari
esker ere. Halaber Auzo Elkartearen partaideek oso lan ona egin
dute. Txokoa ederki prestatuta dago afariak, bazkariak edota bestelako
ospakizunak egin ahal izateko.
Beraz, taberna honek desberdina izan nahi du,
auzo mugimenduaren usain gozoa topatzeko modukoa, bidenabar erakusketak,
emanaldiak, kultura eta halako jarduerak biltzen dituen aldi berean.
Biribil-biribila den teoria daukagu: humanitatearen aurrerapen eta
lorpen handienak bazkalondo goxo batetik abiatuak izan dira, ardo
on bat dastatuz edota lagun batekin izandako solasaldi lasaian.
