|
|

Iruñeko Alde Zaharreko Auzo Elkartea -Alde Zaharra-, hiriaren
bihotzeko bizi-kalitatea hobetzeko sortua da, eta horretarako eskuzabalki
lan egiten duen boluntario-kolektibo bat biltzen du bere baitan.
Eraketa agiri
ofiziala 1976ko ekainaren 12koa omen da, baina, tira...
diktadorea hil berria zeneko garai haietan bizi zirenen mihiek askoz
ere lehenagoko datak aipatzen dituzte. Nolanahi ere egun hori hartuko
dugu erreferentzia gisa, eta hogeita hamar urte baino gehiago dituen
ideia baten alde eginen dugu topa, alajaina! Gure egoitza ere denborekin
batera aldatu da. Jauregiren batean egon gara, behin-behineko zenbait
tokitan, maileguz utzitako lokaletan.., gaur egun proiektu eder
batean murgilduta egon arte, Auzoenea Elkarte-Etxea. Auzo honi esker
eta auzo honen alde gara, eta hori da aldatu ez duen gauza bakarra
errealitate berrietara, egunez-egunera, bere historiaren protagonista
izaten saiatzen diren pertsonez osatutako komunitate honen bihotz-taupada
bizkorrera gure moldatze-ahaleginean.
Gure elkartearen helburu nagusia Alde Zaharraren
arazoen aurrean konponbideak aurkitzea da, betiere gure ahalmenaren
neurrian, jakina, eta halaber elkarbizitza humanoagoa sortzea, askotan
jasaten duguna baino maila kultural, sozial eta gizalegezko altuagoa
lortuz. Horretarako honako xede hauek ditugu, besteak beste:
- Bizi-kalitate hobea eskaintzen dituzten zerbitzuak
nahi ditugu (garraioa, osasun-zerbitzuak, garbiketak, mediku-laguntza,
hezkuntza, hornikuntza, ingurumena...).
- Hirigunearen hobekuntza sustatzen ahalegintzen
gara (plazak, parkeak, kaleak, hiri hornigarriak...).
- Herri mugimendu kulturalen zein kirolekoen
ondoan ere egon nahi dugu: kirolaren aldeko ekimenak, musika eta
folklore taldeak, liburutegiak, zinema nahiz antzerki saioak, hitzaldiak...
inolako interes partikularrik gabeak betiere.
- Elkarteak bere jarduerak helburu berdinak
dituzten kolektibo, instituzio, entitate zein gizabanakoekin batera
egitea bilatzen du beti.
- Gizarte-alor guztietan emakumeen parte-hartzea
sustatzea, eskolan, etxean, lanean, auzoan... alde guztietan aukera-berdintasunetik
hasita.
- Ingurumenaren babeserako eta defentsarako
jardunak bultzatu nahi ditugu, batez ere hirigunean.
Hogeita hamarrak bete berritan, auzo honen
alde lan egin nahi duen pertsona guztien laguntza behar dugu, betiere
errespetutik hasita eta urte hauetan guztietan zehar Elkarteak bideratu
duen lan-moldea kontuan hartuta.
Animatuz gero, deitu edo gurekin mintzatzera
etorri besterik ez duzu egin behar, ... Zure zain gaude!
|