aretoek emakume izena daukate

FLANDINA CRUZAT ARETOA
Trukatzailea eta saleroslea

XIV mendeko Iruñean diru-trukatzailea eta mailegu-emailea zen familia batekoa zen emakume hau. Flandina San Cernin Burgoko Diru-trukatzaileen Kale Nagusian bizi izan zen, egun Kale nagusia den horretantxe. Bere testamentuari esker dakigu patrimonio handiko emakumea zela, bere lanbidean hagitz trebea izandakoa, nonbait. Flandina ederki baliatu zen bat egindako Iruñean bizi izan zen urre-garaiaz. Emakume abantailatua, dudarik gabe.

MARTIJA DE JÁUREGUI ARETOA
Sendalaria. Iruñea, 1540 inguruan

Martija ginekologoa zen, garai hartako emakumeendako gutxi garatutako zientzia. Aralarko mendietan sendabelarrak bildu eta elizetan bedeinkatzen zituen San Juanen. Gero eta ospe handiagoa lortu zuen harik eta inkisizio profesionalak lan horretan bidegabe sartzeagatik prozesatu zuen arte. Emakume bat lan horretan aritzea desafio galanta zen oraino hasi berria zen gizonezkoek kontrolatutako medikuntza-zientziarako.

CATALINA ALASTUEY GARAIKOETXEA ARETOA
Maistra. Iruñea 1899-(?)

Garai hartako iraultza-prozesuetan aktiboki hartu zuen parte. San Jose Plazako eskolan irakasle-ikasketak burutu zituen. Emakumeen egoeraren inguruko arrangurak izanik, abian jarri zituen zenbait ideia, tinko uste izan baitzuen emakumeen askatasuna lortzeko ezinbestekoa zela haien prestakuntza. Batez ere emakume langileak zirela prestakuntza hura behar zutenak ulertu zuen. Beste lankideekin batera euskal kulturaren berreskurapenaren aldeko lana egin zuen. Hizlari aparta izan zen. San Frantzisko eskoletako “neskatilen gelabakarreko” irakaslea izan zen.

MARÍA BISKARRET NAVAZ ARETOA
Maistra. Iruñeko lehenbiziko ikastolaren fundatzailea (Iruñea 1907-1989)

Iruñeko Eskola Normalean ikasi zituen Irakasle-Ikasketak. 1932an lehenbiziko ikastola fundatu zuen Carlos III. Etorbidean. Bere ideologia politiko abertzalearengatik frankismoaren jazarpena jasan behar izan zuen. Bost urtez lanpostua eta soldata kendu egin zizkioten. Bere etxean klaseak emanez egin ahal izan zuen aurrera. Lanbide berean segitu zuen erretiroa hartu bitarte.

CARMELA NAVAZ DE SAN MARTÍN ARETOA
Idazlea. Iruñea 1901-

Txiki txikitatik lumaren artean nabarmendu zen. Carmela bere bizitzan zehar sutsu aritu zen kazetari lanetan. Garaiko argitalpen zenbaitetan kolaboratu zuen. Literatura-lan dezente argitaratu zituen. Sari handiak lortu zituen, “Leopoldo Alas 1968” “Doncel Saria1967” 1969ko “Sésamo Sarian” finalista izan zen.

ADELA BAZO Y CUNCHILLOS ARETOA
Margolaria. Iruñea 1905-Buenos Aires 1984

Margolari iruindar honetaz esan daiteke Amerikako eta Europako koloreak nahasten jakin izan zuela. Bere bizitzaren zati handi bat Ozeanoaz bestaldean eman zuen, eta kolorez beteriko bere lanaren zati bat bertan utzi zuen. Argentinan lortu zuen osperik handiena, eta han gelditu zen hil artekoan. Han lagun, intelektual eta artista taldeez inguraturik bizi izan zen. Bere lanean koloreen pertzepzio berezia islatzen da, eta halaber bere espiritualtasuna, bere marra leunak eta bere erretratuen sakontasuna. Haren begirada artistikoa Nafarroako Museoan dagoen bere lan batean ikus daiteke.

REMIGIA ETXARREN ARANGUREN “MADEMOISELLE AGOSTINI” ARETOA
Funanbulua (Sokan ibiltzailea). Iruñea 1853-1921

Bere lanbidearengatik eta nortasun handiarengatik hain berezia, bizitzen egokitzen zaien garaiaren gainetik nabarmentzen diren emakume horietako bat izan zen Remigia. 1882ko Sanferminetan, Zezen Plaza alderik alde zeharkatu zuen soka lodi baten gainetik ibiliz. 1883an, 10 metroko altueran zeharkatu zuen Arga ibaia, oinetan saskitxo batzuk zeramatzala eta segituan begiak estalita itzuli zen beste aldera. Ikuskizunak, doanekoa, sekulako arrakasta lortu zuen eta jendeak urtero eskatzen zuen berriz ikusi ahal izatea. 1892. urtean hamabost metroko altueran sokaren gainean aulki batekin lanen ari zela istripu bat izan zuen. Zenbait hezur-haustura eduki eta lanbidea utzi egin behar izan zuen. Zirko, magia, fantasia eta farandula munduan bizi izan zen.

MARCELINA ZURRUTUZA ARETOA
Udal Bainuetxeko langilea

1852 udal korporazioak bainuetxe bat eraikitzeko agindua eman zuen. Bainuetxeak marmolezko bainerak zituzten bost bainugela zituen eta beste bat bikoitza senar-emazteendako, zinkezko bainerak zituzten beste hamasei bainugela ere eta dutxa bat. Bainulari bakoitzari atorra luze bat ematen zitzaion. Zerbitzu hauetako arduraduna Marcelina Zurrutuza izan zen 60 urtez. Bainuetxeak 1922 arte segitu zuen. Emakume honetaz ezer gutxi dakigu baina izendatzea erabaki dugu inongo kale-izendegian agertzen ez eta agertuko ez diren hainbeste emakumeren lan ANONIMOAREN OMENEZ.

MARITXU ORKOIEN ARETOA
Ile-apaintzailea. Auzo mugimenduaren parte hartzaile aktiboa

Odol gorri eta ezker bihotzekoa, duina eta bizkorra hil artekoan. Auzo elkarteetan parte hartzailea, etxabez aldatzearen bultzatzailea, langile nekaezina. Aurrera egin nahian betiere, emakume independentea eta solidarioa, eta batez ere, herrikoa eta auzokoa, bere klase-kontzientzia behin ere atzendu gabe. Xaloa, sutsua eta alaitasun handikoa. Maritxu gure artean egonen da beti.